XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oso sendo zegoen eritzi honetan, konturatua bait zen nire gorputzeko ezaugarri guztietan beste yahooen antza nuela, baina benetan behetik nengoela indar, abiadura eta mugikortasunean, atzazalen laburtasunean eta Naturari ez zegozkion beste zenbait xehetasunetan; era berean, gure bizimodu, ohitura eta ekintzei buruz esan nionagatik, buru-jarreretan ere antzekotasun handia aurkitzen zuen.

Jakina zela, esan zuen yahooek beste edozein animali espeziek baino gehiago gorrotatzen zutela elkar; eta honetarako aipatu ohi zen arrazoia beren irudiarekiko higuina izaten zela, guztiek gainerakoengan ikus zezaketena baina ez nork beregan.

Horregatik, hasia zela pentsatzen ez zela zeharo zentzugabea gorputzak estaltzea eta asmakizun horrekin gure zatarkeria asko elkarri ezkutatzea, bestela nekez jasango genituzkeenak.

Eta aurrez oker zegoela konturatzen zela orduan, eta bere herriko adimengabe haien arteko gatazkek gureek zuten zergati berbera zutela, nik kontatutakoaren arabera.

Zeren eta,(esan zuen) bost yahoo artera berrogeitamarrentzat beste janari botatzen baduzu, bake-bakean jan ordez, elkar larrutzeko prest oldartuko bait dira gainera, dena beretzat hartu nahi izango duelarik bakoitzak; eta horregatik, morroi bat bidaltzen zela haien ingurura kanpoan jaten ari ziren bitartean, eta etxean zeudenak lotuta edukitzen zituztela halako tarte bat utzita elkarren artean; zaharrez edo istripuz akabatzen bazen behi bat, houyhnhnm batek bere yahooentzat hartu ahal izan aurretik, auzokoak taldean etortzen zirela harrapatzera eta, gero, nik deskribatu bezalako borrokaldia gertatzen zela, atzaparrez egindako zauri izugarriekin bi alderdietakoen artean, nahiz eta gutxitan izan elkar akabatzeko gai, guk asmatu bezalako heriotz tresna egokirik ez zutelako.

Beste batzuetan, zergati garbirik gabeko borrokak ere izaten omen dira zenbait auzategitako yahooen artean; barruti batekoak aukera guztiez baliatzen omen dira ondokoak, prest egon baino lehen, ustegabean harrapatzeko.

Baina beren egitasmoak porrot egin duela ohartuz gero, etxera itzuli eta, beste etsairik ezean, elkarri egiten omen diote eraso nik gerra zibila deituriko horretan murgilduta.